miércoles, 3 de agosto de 2016

Zarautzen egin genuen sketchcrawla

Aspaldiko partez Euskalherria's SketchCrawl taldearen hitzorduetara  ez bezala, aurreko larunbatean Zarautzeko deialdira hurbildu nintzen. 
Artzentalesetik Zallako geltokira hurbildu nintzen eta han egin nuen lehenengo marrazkia, aintzinako erloju kakotuaren apaingarriek erakarrita.
 
Trenez Bilboraino, Basurtuko ospitalaren magaletik Termibuseraino. Hango autobusak, kontainerrak, bidaiariak, maletak, behin-behineko betikotu egiturak, zerumuga ixten duen ingeniaritza eskola... holan egin nuen bigarrena, Zarautzera eramango ninduen autobusaren zain.
  
Behin Zarautzen Munoa plazaraino zeharkatu nuen herria. Batzuk berriak taldean, beste batzuk berriak niretzat, beste batzuk ez zirela heltzen aparkatzea mirari bat delako halako egunetan. Azkenean marrazteari ekin genion, normalean erabiltzen dudan prozedura Marijeri azaltzen nion bitartean.
Eguerdiko hitzordura heldu baino lehen Merkatu zaharretik ibilalditxoa, Mari Jose Recalderen erakusketa profitatuz. Benetan interesgarria, hainbat prozedura ezberdin, hain irudi eta eskultura ezberdin... eta goiko solairuko zulotik nola sartzen den azokaren giroa.
 Txakolin bat hartzeko parada izan genuen kaleartean. Elkarri marrazteko, elkarren berri izateko, besteen marrazkietan bukatzeko.
 Lege Zaharren plaza ondoan bazkaldu bitartean, gureari ekin genion. Informazio pilo bat trukatu, besteen bidaiekin disfrutatu, batzuen trebeziarekin liluratu.
 
 Berriro martxan jarri ginen, izozkia jan eta gero. Hondartzen bukatu genuen... lehenengo tantak handik kanporatu gintuen arte. Kolorearekin hasi berria zegoena holan geratu zen, zeruko itogina jaso eta gero.
Kafetegi bateko toldo baten azpian babestuta genundela pentsaturik hurrengo marrazkia egiteari ekin nion. Baina ekaitzaren indarrak hortik bota gintuen.
 Basauriraino izan nuen luxuzko txoferesarekin izan nuen hitz-aspertuaren ondorioz autobusa galdu nuen etxerako bueltan. Hurrengoaren zain beste bat egin nuen Termibusen.
 Behin autobusean nengoela egun horretako azkena egiteari ekin nion. Martxan jarri zenean barneko argi gehienak itzali zituen gidariak, zailtasun puntu bat gehituz erronkari. Sodupen susto ederra hartu zuten hara igo ziren institutuko ikasleek, haiek San Pantaleoneko (Zalla) jaietarako ongi horniturik, marrazketako irakaslea, ordu horietan, marrazten ari zen bitartean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario